Kaixo!
Gaur webgune berria estreinatzen dugu. Diseinu berria du, atal berriak eta irudi berria! Izan ere, aurten oso urte berezia da Udaberria euskaltegiarentzat, 40 urte betetzen baititu, eta zer edo zer berezia egin nahi genuen. Hilabeteak daramatzagu webgune berria prestatzeko lanean eta, azkenean, gertu dago ikus dezazuen. Eta gure bloga ere abian jarriko dugu. Helburua esperientziak partekatzea da, baina, batez ere, zuek parte hartzea, zuen iruzkin, galdera eta abarren bitartez.
Dakizuen moduan, Udaberrian euskaraz bizi gara urteko 365 egunetan, eta bai egungo ikasleek, bai ikasle ohiek euskara praktikatzeko aukera izan dezazuen nahi dugu; horregatik, eskoletan ez ezik, kanpoan ere euskara ikasten jarraitzeko aukera eman nahi dizuegu eta, jakina, hizkuntzaz gozatzea ere nahi dugu.
Hori dela eta, atal berezi bat aurkezten dizuegu: Ikaslearen txokoa, zuen atala. Atal honetan, erraz ikasiko duzue euskara aletxoen bidez: Zalantzak, Esamoldeak eta Nola esaten da? Horrez gain, zuen euskara hobetzeko informazio interesgarria eta estekak topatuko dituzue: hiztegiak, azterketa ereduak, deklinabideak, hedabideak…
Eta badakizue, sare sozialetan ere bagaude: Facebook, Twitter, Instagram eta Google+
Ongi etorri! Hastera goaz!