Aurtengo udan euskaraz, eta datorren ikasturtean euskaraz doan!
Gizakiak halakoxeak gara, urte osoan zehar elikadura zaintzen dugu eta kirola egiten dugu osasuntsu egoteko, baina uda iritsi eta, entsaladak, ura, korrika egitea, gimnasioa eta abarrak ahaztu, eta horien ordez garagardoa, frijituak eta igerilekuko nahiz hondartzako bainu-zapia hartzen ditugu bidelagun.
Eta gauza bera egiten dugu ikasturtean zehar landutako trebetasun, ikasgai eta jakintzekin: ekaina heldu bezain laster, liburuak, apunteak-eta ganbarako zokorik ezkutuenean gorde (edo San Juan sutan erre), eta ez gara haietaz gogoratzen iraila iritsi arte.
Bai, egia da, udako oporraldia urte osoko lanak, kezkak eta estresa alde batera utzi eta atseden hartzeko tartea da. Ondo merezitakoa gainera! Eta ezinbestekoa da irailean indarberriturik eta gogotsu izateko, proiektu berriei ekin edo ekainean etendakoei segida emateko.
Dena den, ezin ahaztu esaerak zer dioen: Dabilen harriak goroldiorik ez, eta hortaz: Ez dabilen harria berdez jantzia! Horrenbestez, badakizue: uda honetan euskararen harria goroldioz bete ez dakizuen, ez geratu geldi!
Eta horretarako, Udaberria euskaltegiak, urtero-urtero bezala, udako ikastaroak eskaintzen dizkizue bai uztailean, bai irailean: ekainaren 27tik uztailaren 18ra ikasturtean zehar ikasitakoa birpasatu edo beharrezko maila eskuratzeko azken ahalegintxoa egiteko, eta irailaren 4tik 25era berriz ere abian jarri eta bigarren deialdira eta ikasturte berrira begira berotzen joateko.
Aurten, gainera, hurrengo ikasturterako matrikula doan atera dakioke zuetako bati; izan ere, Udaberria euskaltegiak 40 urte bete ditu ikasturte honetan, eta urte hauetan guztiotan zuok, euskara ikasleok, gugan izan duzuen konfiantza saritu nahi dugu. Horretarako, bi zozketa antolatu ditugu. Hona hemen xehetasun guztiak:
1. zozketa
Noiz eta non: 2017ko uztailaren 12an, goizeko 11k aldera, euskaltegian eta ikasleen aurrean. Sariduna eta ordezkoa aterako dira.
Norentzat: Uztaileko ikastaro trinko homologatutako taldeetako ikasleentzat edo ume-gazteentzako taldeetan matrikulatutakoentzat.
Saria: 2017ko urritik 2018ko ekainera bitarteko 231 orduko ikastaroa (helduak) edo 2017ko irailetik 2018ko ekainera bitarteko 48-64 orduko ikastaroa (ume-gazteak).
Baldintzak:
- Ikastaroa norberak ordaindua izan beharko du.
- Saria ezingo da beste ikasturte baterako gorde.
- Saria pertsonala da eta ezin zaio beste bati eman.
- Saria ezin da eman gabe geratu; egokitu zaionak ez balu egiterik, ordezkoari emango litzaioke.
- Saria ez da dirutan ordainduko.
Zozketan parte hartzeko, matrikula egiten duzunean eskatu inprimakia.
2. zozketa
Noiz: 2017ko irailaren 13an, goizeko 11k aldera, euskaltegian eta ikasleen aurrean. Sariduna eta ordezkoa aterako dira.
Norentzat: Iraileko ikastaro trinko homologatutako taldeetako ikasleentzat.
Saria: 2017ko urritik 2018koekainera bitarteko 231 orduko ikastaroa.
Baldintzak: Lehenengo zozketako berberak.
Beraz, animatu eta eman izena Udaberria euskaltegiaren udako ikastaroetan, eta aurtengo udan euskaraz gozatzeaz gain, datorren ikasturteko ikastaroa doan atera ahal izango zaizue!
Ikastaroei buruzko informazio guztia gure webgunean topatuko duzue: