Datorren larunbatean, otsailak 17, Atzo / Gaur diskoaren abestiak joko dituzte Jimmy Jazzen
2023ko abenduan Modus Operandi taldeak plazaratu zuen hirugarren lan hau. Larunbateko kontzertuan musika banda zuzenean entzuteko aukera izango dugu Jimmy Jazzeko oholtzan.
Bi diskok osatzen dute albuma: Atzok azken urteotako euskal kantu esanguratsu batzuen bertsio gaurkotuak biltzen ditu; eta Gaur izenekoak, berriz, taldearen doinu berriak batzen ditu
Iñaki Ortiz de Villalbak, Udaberria euskaltegiko irakasleak eta Modus Operandiren abeslariak gurekin hitz egin du Atzo / Gaur diskoaren inguruan. Berak abestien hitzak idatzi eta egin beharreko moldaketak taxutu. Bere esanetan, diskoaren izenak berak irudikatzen duenez, “atzo eta gaurko garaiak uztartu nahian, disko bikoitzaren hautua egin genuen. Izan ere, ezin dugu ahaztu nondik gatozen, soinu eta doinu berriak sortu nahi baditugu”. “Atzotik gaur arte, alegia, Betagarritik Modus Operandira dauden bideak eta denborak asko irakatsi digute taldeko guztioi” dio abeslariak.
Atzo, albumaren lehen alea, Betagarrik egindako ’80/00′ lanaren nolabaiteko jarraipena den arren, 2000 urtetik 2020 bitarteko Euskal Herriko bost talde garrantzitsuen kantak jasotzen ditu: La Polla Records taldearen ‘Ellos dicen mierda nosotros amen’; Ken Zazpiren ‘Itsasoa gara’; Latzen ‘Laztana’; Berri Txarrak-en ‘Oreka’ eta Barricadaren ‘Mañana sera igua’. Azpimaratu behar dugu bertsio horietan Aiora Renteria, Afrika Bibang, Janus Lester eta Dupla musikariek hartu dutela parte.
Bestalde, bost abesti berrik osatzen dute Gaur diskoa. Kantetan doinuz nahiz hitzez oso desberdinak diren zenbait gai eta egoera lantzen dira; besteak beste, maitemina, presio estetikoa, gizarte kapitalistaren eragina eta denboraren joana. Iñakik azaldu digun bezala, “denboraren aizkora zorrotza da oso, eta bizi garen abiadurak eragozten digu garrantzitsua denari erreparatzea”.
Beraz, badugu plana larunbaterako, zuzenean primeran jotzen duen horietako banda baitugu Modus Operandi.