Noiz egin zenuen Udaberria euskaltegiko murala?
Bada, zaila egiten zait data gogoratzea, zehatz-mehatz. Baina nik esango nuke 1976an izan zela. Bai, pasadizo bat dut gogoan, hauxe: aldamioaren gainean nengoela Espainiako poliziak (garai hartako grisak) igaro ziren errepidetik, eta goitik behera begiratu ziguten horma ondoan geundenoi, zerbaiten susmagarriak izango bagina bezala. Jakina, martxoa zen, 1976ko martxoa, hain zuzen ere. Denok badakigu zer gertatu zen Gasteizen garai hartan.
Euskara ikasteko ez ezik, euskal kutsua zuen artelan bat egiteko garai zailak ziren haiek, ezta?
Bai, horixe. Dena den, izugarrizko energia geneukan egin beharrekoa egiteko. Geuri, hau da, gure belaunaldikoei, erronka berriei aurre egitea suertatu zitzaigun: gizarteak askatasuna nahi zuen eta Diktaduran bizi izandako debekuak-eta alde batera utzi. Gasteizko jendeak euskara ikasi nahi zuen, eta behar horregatik sortu zen Udaberria euskaltegia. Testuinguru hartan ekin nion murala egiteari.
Nola bururatu zitzaizun mosaikoaren gaia? Nola taxutu zenuen bozetoa?
Egia esanda, enkargu bat izan zen. Jose Carrerasek eskatu zidan Goierri (Gipuzkoa) aldeko paisaia bat margotzeko. Horretarako, Txindokira bidaia egin eta bertako ingurumaria ondo behatuta, Gasteizera itzuli nintzenean, mosaikoaren marrazkia eta koloreak diseinatu nituen. Bi urteko lana izan zen, pixkanaka-pixkanaka eta tentu handiz egin beharreko zerbait.
Beraz, lan delikatua izan zen. Kolore askotako azulejuak (tesala) erabili behar izan zenituen?
Halaxe da. Kontua da kristalezko teselak oso tamaina txikikoak zirela eta irudiaren atal bakoitza osatzeko denbora luzea eman behar zitzaiola. Esate baterako, zerua, egoki hezurmamitzeko, urdin batzuk baliatzen nituen. Hobeto ulertzeko, adibide bat jarriko dizut: 30 cm x 30 cm-ko zati bat zedarritze aldera, ordubete ematen nuen. Pentsa 5 metroko altuera duen mural osoa betetzeko zenbat lan egin behar izan nuen! Ondo dut gogoan, bai! Baina oroitzapen ezin ederragoa dut!
Materiala, hau da, kristalezko azulejuak edo tesalak nondik ateratzen zenituen?
Urbinan zegoen lantegi batean egiten zizkidaten tesalak (kristalezko azulejuak). Murala egin edo osatu ahala, kolore berrietako azulejuak eskatzera bertaratzen nintzen. Baina, askotan, gertatu izan zitzaidan behar nuen kolorearen tonu jakin bat ez edukitzea. Horrek eragin handia izan zuen irudia nahi nuen moduan taxutzeko; izan ere, maiz, kolore saturatuagoak aukeratuta nituen bozetoan. Esan bezala, nekez lortzen nituen buruan nituen tonuak. Dena den, bukatzea lortu lortu nuen, eta urteak igaro arren, Urugay kalean duzue ikusgai, duela 46 urtetik.