1.- Kukuaren inguruko bitxikeriak
Nork ez du ezagutzen kukuaren kantu ozena, udaberriaren igarlea? Ezbairik gabe, hegaztien munduan kanturik ezagunena da kukuarena.
Martxoaren 21ean hasi da ofizialki udaberria, baina askok uste dutenez, kukuak iragartzen du urtaro honen hasiera.
Antzinako euskaldunen egutegiak bi urtaro besterik ez zituen (uda eta negu), eta Ama Birjina Martxoko egun horixe (martxoak 25) izaten zen udako lehen eguna.
Kukuaren etorrerak lur-soroak neguko lozorrotik esnatu zirela adierazten zuen, negua joan eta uda etorri zela, alegia. Hain zuzen ere, Ama Birjina Martxoko egunetik hasi eta 15 eguneko tartean kukuak ez jotzea, gaitz handi eta beldurgarria zen, ez baitzetorren udaberririk.
2.- Esaera eta usadio zaharrak
Oso ezaguna da kukuaren kantua urtean lehen aldiz entzutean poltsikoan txanponak daramatzanari urte horretan ez zaiola dirurik faltako.
Esamoldeak:
Gaur Ama Birjina haurdun
Gaur, Andra Mari Martxoko (martxoak 25), Ama Birjina haurdun geratu omen zen eguna da. Izan ere, gaurtik Eguberri egunera (abenduak 25) bederatzi hilabete daude.
Kukutan ibili
Kukutu hitza ezkutatu adierazteko erabiltzen da. Haur jolasetan hitz hori edo antzekoa oso erabilia zen
Kukuarena egin
Kukuak arrautza bakarra jarri ohi du auzokoaren habian. Beraz, seme-alaba bakarra ekarri duen bikoteei esaten zaie.
Kukutik kukura
Gure garai zaharretan, ugazaba eta morroiaren arteko tratua egitean, kukutik kukura, hau da, urtebeteko tratua.
Esaera zaharrak:
Kukua kantatzen euri eta eguzki.
Kukuak Andra Mari Martikoz kuku, San Pedroz mutu.
Kukua etorri, gosea etorri.
Kukua joan, gosea joan.
Kukuak egiten du maiatzean kuku; garagarrilean gelditzen da mutu.