Abenduaren 12an, urtero bezala, larunbateko ikasleak eskolaz kanpoko jarduera batera eraman nituen, World Press Photo erakusketa ikustera, hain zuzen ere.

Aurten, 20 urte dira Gasteizko hirian  World Press Photo fotokazetaritzaren nazioarteko lehiaketa ezagunenaren erakusketa ikusgai izaten dugula.  Lehiaketa 1955ean Holandan sortu zen eta gure hirian badugu ikusteko aukera paregabea.

10:40an aldera euskaltegitik alde egin genuen Oihanederrera, Montehermoso jauregira, joateko. Bertan ez genuen bisita gidaturik egin; izan ere, larunbatetan ez dute horrelako bisitarik antolatzen; beraz, urtero legez, aurtengo ikasleek ere nik prestatutako jarduera bat burutu behar izan zuten hirunaka.

Ikasleek hainbat galderari erantzun behar zioten, eta horretarako, argazkiak ikusi eta argazkien ondoko azalpenak irakurri behar zituzten eta  horrez gain, unitatean galderak eta argazkiak uztartu. Ordubete eta erdi eman nien taldeka aritzeko, bitartean ni taldez talde ibili nintzen ikasle guztiei laguntzen, eskatzen zidaten azalpena ematen edo lexikoaren gaineko galderei erantzuten.

Ezarritako denbora igarota, euskaltegirako bidean kafetxo bat hartu genuen. Bidean eta tabernan ikasleek erakusketaren gaineko inpresioa, sentipenak… aipatzen zituzten eten gabe. Oro har oso interesgarria gertatu zitzaien erakusketa, nahiz eta aurtengoa inoiz baino ilunagoa eta tristeagoa izan.

Behin ikasgelara itzulita, taldeka bildu ziren egindako jardueraren berri emateko, nork bere galderen erantzunak eta argazkiak elkarri azaltzeko. Ondoren, erakusketaren inguruko iritzia eman zuten galdera batzuei erantzunez.

Bukatzeko, astean zehar  (hurrengo larunbateko eskolaren aurretik) ikasleek irakasleari ahozko testu bat grabatu eta bidali behar izan zioten erakusketaren gaineko iritzia emanez: World Press Photo ezagutzen zuten ala ez, ea gustatu zitzaien, zer gustatu zitzaien gehien, zer gutxien, zerbait falta zela uste zuten, zer erantsi 2021eko argazki multzoari, erakusketa gomendatuko luketen ala ez eta zergatik, datorren urtean itzuliko diren… [Ahozko azalpena (gehienez 5 minutuan) audioz edo bideoz grabatu eta irakasleari bidali].

Ikasleei euskara euskaltegiko lau hormetatik ateratzea gustatu zitzaien, aberasgarria zela aitortu zuten eta ikasturtean zehar horrelako beste jarduera batzuk egiteko prest agertu ziren.

Jarduera prestatzeak lan handia eskatzen didan arren. (aldez aurretik erakusketa bisitatu, argazkiak hautatu, argazkiak egin, galderak prestatu, zuzenketa orria prestatu, ataza idatzi…), urtero egiten dut gustura, ikasleek eskertzen dutelako eta jarduera aberasgarria delako.

Aurten B2ko taldea eraman dut (urtero B2ko edo c1eko taldea eramaten dut), guztira 9 ikasle etorri ziren.

 

Taldea: 48 (larunbateko B2)

Eguna: 22-12-12

Bisita eta ondorengoak: 10:40- 13.30 +/-

Bisita: World Press Photo erakusketa

Tokia: Oihaneder (Montehermoso jauregia)

Ikasle kopurua: 9

Irakaslea: Maite


Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

clear formPost comment

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.