Pasa den larunbatean B2ko ikasleak Irati filma ikustera eraman nituen, goizeko saiora. Filma izugarri gustatu zitzaien, zenbaiti euskal mitologiari buruzko zalantza batzuk argitu zizkien; beste batzuentzat, berriz, mito batzuei buruzko lehen berria izan zen.

Ikasleentzat azpitituluak lagungarriak izan ziren, une batzuetako hitanoa ez baita erraza ulertzen eta hainbat momentutan soinuak hitzak iluntzen dituelako, borroketan, esaterako.

Oso ongi ulertu zuten maitasunezko istorioa den Irati filma, pertsonaia nagusien arteko maitasuna ez ezik, bailarari eta Ama Lurrari maitasuna ere, halaber, euskal mitologia eta kristautasuna  nola uztartu ziren.

Aukera gutxi ditugu euskal filmak ikusteko, bakarren bat urtero, beraz, ezin dugu pasatzen utzi. Film honek euskal mitologia ezagutzeko parada ematen digu, baita Erdi Aroko ohiturak ere: nola janzten ziren, nola bizi ziren, jauntxoen arteko gerlak…

Irudiak  aipamen berezia merezi du; Eneko Sagardoy protagonistaren hitzetan, atzerriko ekoizle askok galdetu diete nola egin ahal izan dituzten eszena jakin batzuk. Argia, lainoa eta iluntasuna batzen dira gertakizunek eskatzen duten neurrian. Musika ere ezin hobea da, bildu egiten du ikuslea irudiarekin batera pantailara gehituz, eszenak gertatzen ari diren lekuan presente egongo balitz bezala, Mariren ahari orojakilea bailitzan. Musikari Paul Urkijok berak idatzitako hitzek laguntzen diote, uneoro berak nahi duena adieraziz, ez gehiago, ezta gutxiago ere.

6 urte iragan dira Urkijok Erremetari estreinatu zuenetik. Bidaia luzea izan da Iratiren gidoia pentsatu eta idazteko, pelikula egin ahal izateko erakundeen eta bestelako enpresen eta elkarteen dirua eta babesa lortzeko (lau bat milioi euro), aktoreak eta lekuak hautatu, filmatu, muntatu eta, azkenik, guregana heltzeko. Lan luze eta neketsua izan da, zuzendariaren esanetan, benetan merezi duena.

Hauxe da pantailan dagoen 2. Astea eta espero dut luzaroan irautea, filmak merezi duelako eta jarritako dirua berreskuratzekotan aste askotan egon behar duelako pantailetan ikusgai.

Sitgeseko Zinemaldi Fantastikoan ikusleen saria lortu zuen, bere lehen saria; geroztik beste batzuk heldu dira, Goyetan suerterik ez izan arren, eta oso kritika onak jaso ditu Euskal Herrian ez ezik, estatuan ere, baita euskarazko lanak gutxi estimatzen dituzten La Razón eta El Mundo egunkarietan ere, batzuk aipatzearren..

Larunbatean badugu ikasle bat Valladolidekoa dena eta bertan bizi dena, ostiraletan etortzen da Gasteizera trenez eta klasera amaitutakoan etxera itzuli. Berak Irati filma Valladoliden bertan, euskarazko bertsio azpititulatuan,  ikusi zuen pasa den asteburuan, pozik eta hunkituta ikusi ere.

Zuek oraindik ikusi ez baduzue, zeren zain zaudete? Zoazte lehenbailen, ez zaizue damutuko eta!

Maite Barrio

 

 

 

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

clear formPost comment

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.