Joan berri zaigu Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta ziur batzuk oraindik liburu eta literatura gosez zaudetela. Bada, ez larritu, berehala iritsiko baita Udaberriaren V. Irakurketa Irekia!
Aurten Alberto Ladrón Aranaren Jainkoen zigorra nobela beltza aukeratu dugu. Liburu hau Leire Asiain inspektorea protagonista duen hirugarrena da, baina, lasai, ondo irakurri, ulertu eta disfrutatzeko, ez dago aurreko biak zertan irakurri.
Irakurketa maiatzaren 10ean izango da, Oihanederren; hortaz, liburua irakurri ez duzuenok astia duzue oraindik irakurtzeko, parte hartzeko eta, literaturaz gozatuz, beste ikasle batzuekin tarte atsegina pasatzeko.
Liburua irakurri duzuenok, aldiz, zergatik ez diguzue zuen iritzia ematen? Idatzi iruzkinetan zer iruditu zaizuen eleberria: erraz irakurri duzuen, zer gustatu zaizuen zer ez…, baina ez kontatu gehiegi istorioari buruz, e?
Eta liburu hau irakurri ez baduzue, baina azken boladan euskarazko beste libururen bat izan baduzue esku artean, kontaguzue gustuko izan duzuen ala ez eta zergatik.
Liburuei buruz idazteko gogorik ez baduzue, baina noizbait Udaberriaren Irakurketa Irekian edo besteren batean parte hartu baduzue, izandako esperientziaren berri eman diezagukezue: nola prestatu zenuten, nolakoa izan zen irakurtzeko momentua…
Animatu eta eman zuen literatura-esperientzien berri!
Urte honetan Hitz Pozoituak deituriko liburua irakurri dugu, Maite Carranzak idatzitakoa. Liburu honek Barbara Molina izeneko neskatoaren istorioa kontatzen du. Hasieran, denok harrituta utzi gintuen gertaera bat azaltzen du: Barbararen desagerpena. Egun batean, Barbara etxetik atera zen eta ez zen berriro haren berririk izan. Ondoren datorrena gertaera horren inguruan gertatzen da: Barbararen amaren depresioa, Barbararen desagerpenaren ikerketa…
Liburu hau oso interesgarria iruditu zitzaigun, zeren eta hasieratik, tentsioa mantentzen baitu. Beraz, gomendatuko genuke emakumeen aurkako biolentzia salatzen duelako.
Hitz pozoituak izeneko liburua oso interesgarria da eta jakin-mina sortzen du. Irakurtzen duzuenean, ez diozu irakurtzeari utzi nahi. Bahituta dagoen Barbara izeneko neska baten istorioa kontatzen du. Hitz pozoituak erlojuaren kontra bizitzeko egun izugarri baten kronika da. Barbararen desagerpenaren enigmak lau urte daramatza argi-izpirik gabe, baina gako berriak agertuko dira eta dena aldatuko da goitik behera. Guri asko gustatu zaigu eta espero dugu zuen gustokoa izatea.
Liburuak oso hasiera interesgarria duela iruditu zait, eta egileak, berehala, irakurlearen arreta harrapatzea lortzen du. Eleberriaren garapena, orokorrean, intrigazkoa dela esan daiteke: ez da irakurtzeko batere motela, eta horrek oso entretenigarri egiten du. Hala ere, nire ustez, liburuaren bukaera astuna eta korapilatsua izan da.
Nire iritziz, eleberri oso atsegina da irakurtzeko, baina liburuaren amaiera ez da sarrera eta garapena bezain zirraragarria.
Mila esker zure iritzia emateagatik!
Betidanik gustatu zait eleberri beltzak irakurtzea; hala ere, sekula ez naiz animatu genero hau euskaraz irakurtzera, aurten arte. Pasa den urtarrilean, gure euskaltegiko irakasleak, Ixabelek, proposatu zigun Alberto Ladronen azken eleberria irakurtzea, eta erronka gustura onartu genuen.
Nire ustez, liburua irakurtzea merezi du, oso erraz irakurtzeaz gain, euskalki berri bat ezagutzeko aukera ere ematen duelako (Baxe Nafarroakoa zehatz-mehatz).
Otsailetik aurrera, hilean bitan, izugarrizko tertuliak egin ditugu klasean, pertsonaiak aztertzen, teoriak sortzen, errudunak bilatzen, eta noski, lexikoa ikasten.
Nik argi daukat gomendatzea merezi duen liburua dela. Baina ez pentsa liburuaren argumentuari buruz zerbait kontatuko dizuedanik, irakurri behar da eta. Nolanahi ere, aztarna txiki bat utziko dizuet: liburu honetan, lagunok, oro ez da urre!
Mila esker zure iruzkinagatik, eta pozten gara genero hau euskaraz dastatzera animatu zarelako!
Antzerki bat? Zergatik ez?
Pasa den ostegunean, maiatzak 10, Jainkoen Zigorra eleberria irakurri genuen, Oihaneder jauregian, hain zuzen ere. Esan beharra daukat azken kapituluetatik gehiago espero nuela, baina hori alde batera utziko dut. Nik irakurraldi irekia hartu nahi dut hizpidetzat.
Uste nuen, besteek bezala, irakurri besterik ez nuela egingo; hala ere, ustez bestera, Teretxuren eta nire ikaskide Maiteren “ideia bikainari jarraituz”, irakurketa antzeztua egin genuen. Lehen momentuan, erokeria iruditu zitzaidan, nori eta haiei bururatu! Baina, antzerki zale amorratua naizenez, laster animatu nintzen kontu horretan parte hartzen.
Saioak egin, intonazioa zuzendu eta ondo prestatu, besteengandik ikasi eta… eguna heldu zen. Urduritasuna, bai; pozik nengoen, ostera. Gure “antzerkia” egin genuen, eta azkenean gozatu nuen. Ustez, bertan zeudenek ere disfrutatu zuten.
Beraz, zergatik ez animatu zerbait diferentea egitera? Ezetz ausartu, hurrengo urtean denok irakurraldi antzeztua prestatzen!
Mila esker, Gema, bai zure iruzkinagatik, bai antzezpenagatik. Primeran egin zenuen!
Irakaslearen zigorra, ikasleen onura
Aurten, beste hainbat urtetan bezala, Udaberria euskaltegiak irakurketa irekia antolatu du. Irakurketa ireki hau Oihaneder Jauregian egin zen eta bertan hainbat euskaltegitako ikasle eta irakasleek besteen aurrean Alberto Ladronen Jainkoen zigorra liburua irakurri genuen. Gainera, bukaeran, egileak egindako bi audio entzun genituen. Alegia, audio horretan ikasle batzuek egindakozenbait galderari erantzun zien egileak.
Esan behar da irakurketa hori antolatzen dela euskaltegian urtean zehar liburu bat irakurri, eta ariketa batzuk lantzen ditugulako; liburuaren azken lanketa jende aurrean irakurtzean datza, non eta Oihaneder Jauregian hain zuzen ere.
Guri dagokigunez, irakasleak parte hartzera behartu gintuen ikasle maiteok. Nik, behintzat, liburua irakurtzea planteatu zenean, garbi neukan publiko aurrean ez nuela irakurri nahi, oso urduri jartzen naizelako bai publikoan irakurtzean, bai jende aurrean hitz egitean. Hori bai zigorra niretzat, zer eta jende aurrean irakurri behar!!
Hori guztia esanda, irakurketa irekiaren egunean, nahiz eta kantaderara hurbiltzen ari nintzenean urduri jarri, irakurri bitartean ez nintzen deseroso sentitu. Gainera, ekitaldi horietan gu bezalako hainbat jende dagoela konturatzen gara.
Bukatzeko, nire ustez, nahiz eta zigortzat jo hasieran, azkenean gozatu egin genuen eta barre egin genuen, akatsak akats; hain zuzen ere, horretarako gaude euskaltegian, akats horiek zuzentzeko. Horregatik, gu behintzat, irrikan gaude jakiteko hurrengo liburua zein izango den eta hurrengo irakurketa irekia noiz izango den.
Anima zaitezte zuek ere hurrengo irakurketa irekian parte hartzen!
Ignazio García C1B2
Mila esker, Ignazio, zure esperientzia kontatzeagatik. Sentitzen dugu hasieran zigortzat hartu izana irakurketaren kontua, baina pozten gara azkenean esperientzia gozagarria izan zelako. Datorren urteko irakurketara arte!
Irakurraldi Irekiaren berri izan nuen lehen aldia euskaltegiko irakasle batek esanda izan zen.
Nire baitarako pentsatu nuen: “Hori ez dut egingo, ozenki irakurtzea inoiz ez baitzait gustatu”. Hala ere, azkenean, ez dakit nola, animatu nintzen eta izena eman nuen.
Baina eguna heldu zen, maiatzaren 10a, goizeko 10:00 ziren, Oihaneder Euskararen etxean, Udaberriak antolatzen duen Irakurtaldi Irekian. Bertan geunden, euskaltegiko ikaskideak, ni barne. Jainkoen Zigorra liburua irakurtzeko prest.
Nire txanda itxaroten ari nintzela, hainbat sentsazio etorri zitzaizkidan: lehenengoa, eta, nola ez, urduritasuna; neure buruari esaten nion, “eta gaizki irakurtzen badut, eta trabatzen banaiz edo ez bazait ahotsa ateratzen…”. Hasperen sakona bota nuen eta nire oinek atrileraino eraman ninduten. Ez zegoen hainbeste jende; hala ere, nire bihotzeko taupadak gogor sentitu nituen nire barnean.
Dena den, ustez bestera, irakurtzen hasita, lasaitzen joan nintzen, eta konturatu bezain pronto, eginda zegoen. Ez zen hainbesterako izan, ia-ia esan ahal dut gustura aritu nintzela irakurtzen.
Momentu batez, asebeteta eta pozik sentitu nintzen egindakoarekin.
Horregatik, zuok guztiok animatu nahi zaituztet, hurrengo urtean Irakurtaldi Irekian parte hartzera eta irakurtzera. Izan ere, urduri jarri arren, merezi du ahaleginak.
Bukatzeko, esan behar dut, nire aburuz, oso aberasgarria izan dela klasean egindako lanagatik eta nik egindako lan-pertsonalagatik.
Hurrengo urtean anima zaitezte.
Arantzazu Susunaga C1B2
Mila esker zure esperientzia partekatzeagatik, Arantzazu. Pozten gara aberasgarria izan delako. Datorren urtera arte!
Ikastaro honetan zehar “Jainkoen zigorra” izeneko liburua irakurri dugu. Gustatu zait nola hasten den eleberria: Mendaur mendian modu misteriotsuan agertutako bi hildako, pertsonaia susmagarri batzuk, hilketa gertatu deneko lekuaren deskribapen zehatza eta arazo pertsonalak dituen inspektore bat. Horiek guztiek jakin-mina piztu didate.
Asiain, protagonista dena, Nafarroako Foru polizia da eta lehenengo kapituluetatik arazo pertsonalak dituela atzematen da. Niri Asiain gustatu zait, baina askoz gehiago gustatuko zitzaidakeen emakume ausarta, indartsua eta bere buruarengan konfiantza handiagoarekin ikusi izana. Izan ere, garai honetan heroiak behar ditugu, ez biktimak, emakumeen ohiko ahuleziak gogoratzen dizkigutenak.
Hurrengo eleberri batean, izugarri gustatuko litzaidake Aisiain emakume berri bihurtuta ikustea: ilusioz betea, segurtasun handikoa eta adoretsua. Hori gertatuko delakoan, hurrengo eleberriaren zain geratuko naiz.
Kaixo lagunok!
Joan den astean “Jainkoen zigorra” liburuaren irakurketa bukatu genuen Euskaltegiko gure taldean. Nire ikuspuntutik, eleberriak nobela beltzaren osagaiak biltzen ditu: azpijokoa, suspentsea eta pertsonaia nahiko ilunak. Aitortu behar dut liburuak ez ninduela hasieratik harrapatu. Uste dut lehenengo atala oso motel doala, eta horren ondorioz, kostatzen dela sinopsia kokatzea. Gainera, asko dira lehenengo lerro hauetan agertzen diren pertsonaien izenak eta gertaerak. Hori astuna eta aspergarria izan daiteke irakurtzeko orduan. Baina ez desanimatu, atalez atal emozioa handitzen doa eta. Irakurketan aurrera egiten duzun heinean, gero eta harrapatuago sentitzen zara, istorioak zalantza anitz sortzen dizu eta hurrengo atalean zer gertatuko den jakiteko irrikan zaude. Hori dela eta, nik liburua gomendatuko nizueke.
Esker mila, Susana. Nobela hau gustatu zaizunez, uda honetan idazle berberaren edo beste batzuen nobela beltzak euskaraz irakurtzera animatzen ziatugu. Gozatu!
Mila esker, Maite, zure iritzia emateagatik. Egileari idaztera animatzen zaitugu, ea zure iritzia kontuan hartzen duen!