
Euskal literatura entzuteko aukera
Belarrietatik irakurri
Inguruko hizkuntzetan gertatzen den bezala, idatzizko literatura belarrietatik jasotzeko aukera badugu gurean. Azken boladan, eta, batik bat, pandemia garaitik hona, podcastak eta audio-liburuak entzutea ohiko jarduera bilakatu da gure egunerokoak egiten ditugun bitartean. Egia esan, gero eta eskaintza zabalagoa da euskarazko hedabideek nahieran argitaratzen dituzten eduki digitalak, besteak beste, gaurkotasunari lotutako iritziak, elkarrizketak, umeentzako ipuinak edota helduentzako eleberriak.
Bada, has gaitezen zenbait aukeraren berri ematen. Horretarako, Internetera jo dezagun audio-liburuen bila. Literatura euskarri digitalean entzuteko hainbat atari ekarri ditugu blog honetara (guztiak estekatuta daude):
EITBko webgunea
Gustu guztietarako literatura ekoitzi du EITBk. Idazle gazteak zein aurreko belaunaldietakoak, eleberriak zein ipuinak jasotzen ditu atariak. Aniztasuna da nagusi. Horietako batzuk aipatzearren, hona gure hautua:
Idazlea eta bertsolaria den Uxue Alberdi hartuko dugu abiapuntu. Berak jarri dio ahotsa bere nobelaren egokitzapenari. Lan ederra egin du Alberdik, izan ere, badaki jakin, beste inork baino hobeto, Jenisjoplin eleberrian Nagore Vargas protagonistari jarritako hitz bakoitzaren arrazoia.
Umeentzako literatura ere eskaintzen du EITBko webguneak. Uxue Alberdik, Leire Bilbaok, Harkaitz Canok, Juan Kruz Igerabidek, Anjel Lerxundik, Miren Agur Meabek, Mitxel Muruak eta Patxi Zubizarretak idatzitako ipuin bana jasotzen duen bilduma. Halaber, gaztetxoek badute zer entzun audio-liburuen atalean, hain zuzen ere, “Go!azen” telesailari dagozkionak.
Bestalde, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Anjel Lertxundiren Zoaz infernura laztana (Ainhoa Aierberen ahotsean) argitaratuko dute.
Bestelako eskaintzak
Txikiagoak izanda ere, ez dugu baztertu nahi izan hainbat eragilek eta argitaletxek egindako lana. Ondoren dituzue proposamen batzuk.
Susa literatura webgunea
Susa argitaletxearen webgunean eta armiarma.eus atarian topa daitezke hainbat testu irakurrita, horietako asko idazlearen ahotsean.
Booktegi webgunea
Era guztietako liburuak, elkarrizketak, kritikak eta audio-liburuak ere aurkituko dituzu bertan.
Etxegiroan.eus webgunea
Asko dira entzun daitezkeen ipuin eta liburuak, haurrentzako zein helduentzako. Esan beharra dago hamaika urte beteko dituela webguneak laster; beraz, Etxergiroanekoek egindako lana zeharo aitzindaritzat jo beharko dugu euskalgintzan.
Zirriborroak eta gero
Euskal gizarte distopiko baten erretratua adierazten dute Zirriborroak eta gero bildumako fabula guztiek. Entzungai daude idazleen ahotsetan.
Ikasleok, baduzue zer entzun eta zer gozatu literatura arloan. Aprobetxatu aukera. Gainera, izan kontuan euskal literatura sarean eskuragai eta dohainik duzuela.