Orain arte Udaberria euskaltegiaren blogean hainbat informazio baliagarri aurki zenezaketen (azterketei buruzko informazioa eta aholkuak, lehiaketak, Irakurraldi Irekiaren inguruko xehetasunak…), baina hemendik aurrera, bloga irakurtzeko ez ezik, idazteko ere erabili ahal izango duzue. Bai, ondo irakurri duzue, idazteko! Eta horretarako, hiru atal jarriko ditugu martxan:
Baietz euskaraz!
Euskaltegitik kanpo euskaraz aritzeko aukera gutxi duzu? Uste duzu ez zarela gai hainbat gauzari buruz euskaraz idazteko? Idazmena gehiago landu behar duzula esan dizu irakasleak? Bada, utzi alde batera beldurrak, eta hartu parte atal honetan planteatuko dizkizuegun galdera eta erronketan iruzkinen bitartez erantzuna emanez.
Guk euskaraz
Euskaltegian edo euskaltegitik kanpo irakurri eta ikusitako euskarazko liburu, film, erakusketa eta abarrei buruzko iritzia eman nahi al diezu beste ikasle batzuei eta gustuko izan dituzun ala ez azaldu? Bidali zure kritika blogaudaberria@gmail.com helbidera eta argitaratuko dugu.
Zuen txokoa
Txiste barregarria kontatu dizute eta gainontzeko ikasleak ere barrez lehertzea nahi duzu? Nor-nori-nork ikasteko trikimailu ezin hobea aurkitu duzu eta beste ikasle batzuekin partekatu nahi duzu? Benetan hunkitu zaituen kanta entzun duzu irratian eta beste batzuek ere hitzei erreparatzea nahi duzu? Bada, bidali partekatu nahi duzun trikimailua, errezeta, asmakizuna, txistea, kanta… blogaudaberria@gmail.com helbidera.
Beraz, badakizu, hemendik aurrera ez duzu aitzakiarik: Udaberriaren blogean euskara bertatik bertara gozatzeko eta erabiltzeko aukera duzu!
Argazkia: Pixabay