Munduan beste askok bezala, euskaldunok ere atsegin ditugu istorioak. Gaur egun, zinea da istorioak kontatzeko gehien erabiltzen den baliabideetako bat, eta euskaldunon ekarpena oparoa izan da alor horretan azken urteotan: Aupa Etxebeste!; Kutsidazu bidea, Ixabel; 80 egunean; Loreak; Amama; Handia; Errementari…. Gainera, film horietako asko arrakastatsuak izan dira: batzuek ikusle-kopuruaren errekorra hautsi dute; beste batzuek sari eta izendapen garrantzitsuak jaso dituzte; zenbait euskal zinemagintza berriaren erreferente bihurtu dira…
Gaiei, estetikari, teknikari eta abarrei erreparatzen badiegu, azken urteotan Euskal Herrian ekoitzi diren filmak askotarikoak izan dira, baina aurten estreinatu diren Handiak eta Errementarik Euskal Herriko bi istorio kontatzen dizkigute: Handiak benetan existitu zen Altzoko Handiaren bizitzaren berri ematen digu; Errementarik, aldiz, ahozko euskal ipuingintzan aski ezaguna den Patxi Errementariren istorioan oinarritutako kontakizuna.
Beraz, badirudi euskal zinemagintzan zaharrak berri direla, eta gure historiari eta literatur tradizioari begira jarri direla zenbait zuzendari.
Eta zuek? Ezagutzen al dituzue Euskal Herriko ipuinak, kondairak, elezaharrak, alegiak, atso-ipuinak? Bada, kontaizkiguzue iruzkinetan, eta lagunduiguzue gure kulturaren altxor diren horiek oroimenean gordetzen.
Zer? Gehiago jakin nahi duzue gure antzinako sinesmen eta literatur tradizioaz? Bada, hona hemen zenbait webgune interesgarri:
www.aittu.net/mitologiabideoak
Eta ez badakizue euskaraz zein formula erabiltzen dugun ipuinak kontatzen hasteko eta amaitzeko, hementxe duzue laguntza:
issuu.com/itxaurdi/docs/ipuinak_hasteko_eta_bukatzeko_formulak
eibz.educacion.navarra.es/baliabideak/dbh/literatur_sorkun/ipuinak/ipuin_hasierak_irakas.htm
Argazkia: Pixabay
Zuk diozun bezala, Arantzazu, ipuinak gauzak azaltzeko erabiltzen ziren antzina, eta oso adibide polita kontatu diguzu. Mila esker!
Landareak eta animaliak mintzo ziren garaian, baziren Lamiak. Hauetako bat maitemindu zen Anbotoko artzain batez, eta egun batean ezkontzeko hitza eman zioten elkarri, eraztunak erabili zituzten haien maitasuna sinatzeko. Geroxeago, artzaina ezkontzaren berri ematera joan zen amarengana. Amak kezkatuta eskatu zion apaizarengana joateko, eta apaizak gomendatu zion emaztegaiaren oinei erreparatzeko. Artzainak agindua bete zuen eta konturatu zen bere maiteak ahatearen oinak zeuzkala.
Hau jakinda, erabaki zuen eraztuna itzultzea, baina ezin zuen eraztuna kendu eta atzamarra moztu zuen. Horrela, atzamar eta guzti eraztuna itzuli zion Lamiari. Ondoren, etxera joan zen lo egitera. Lamia haserre bizian geratu zen eta gure artzainak ez zituen berriro begiak ireki.
Egia bada sinets, gezurra bada ez sinets.
Euskal kondaira askotan pertsonaia mitologikoak agertzen dira. Zure istorioan lamia agertzen da. Lamiak ederrak izan arren, izaki mendekatia eta maltzurrak izan daitezke, zure ipuinean primeran azaldu diguzun moduan. Mila esker, Gema!
Ama Lurra.
Munduan eta leku guztietan existitzen dira, ipuinak, kondairak, elezarrak eta alegiak. Orain dela denbora asko baliabidea ziren gauzak azaltzeko eta kontatzeko, eta egun Euskal Herrian altxorrak dira gure antzinako istorioak ezagutzeko.
Hona hemen, niri gustatzen zaidan bat.
Elezahar honek dioenez, aspaldi hartan lurra ilun-ilun zegoen. Ez zegoen egunik, ez gaurik. Iluntasuna zen nagusi, eta iluntasun hartan izpiritu gaiztoak eta maltzurrak baziren. Gizakiek beraien aurka ibili behar zuten denbora guztian.
Egun batean, gizakiak Ama Lurrarengana joan ziren laguntza eskatzera. Ama Lurrak, eskariak entzun ondoren, laguntza ematea erabaki zuen eta alaba bat sortu zuen: Ilargia; horrela jaio zen gaua.
Hala ere, ilargiaren argia ez zen nahikoa izpiritu gaiztoak uxatzeko. Beraz, gizakiak berriro joan ziren Ama Lurrarengana eska. Ama Lurrak, erreguak entzun ondoren, laguntza eskaini zien eta beste alaba bat sortu zuen: Eguzkia, eta honekin eguna jaio zen.
Gizakiak poz-pozez eskertu zioten Ama Lurrari argi hura, baina eguzkia etzaten zenean eta gaua etortzen zenean, han zeuden, gauarekin batera, izpiritu gaizkile eta maltzur haiek.
Berriro ere, gizakiak abiatu ziren Ama Lurrarengana laguntza eske, “Ama Lurra, zure laguntza behar dugu, izpiritu gaiztoek erasoka jarraitzen dute”.
Ama Lurrak, asko pentsatu ondoren, gauza berri bat sortzea erabaki zuen, Eguzki-lorea sortu zuen, eta honekin agindu bat eman zien: Eguzki-lorea atariko ateetan jar zezatela, izpiritu gaiztoengandik babestuak izateko.
Gizakiek hala egin zuten, eta harrezkeroztik ez zuten gaizkile haien mehatxurik eta erasorik izan, eta gizakiak lasai eta bakean bizi izan ziren.
Arantzazu.
Mila esker, Arantzazu, istorio polit honengatik. Orain badakigu zergatik jartzen diren eguzki-loreak etxeetako ate eta atarietan.
EUSKAL MITOLOGIA: LAMIAK
Kobazuloek, mendiek, basoek, errekek… badaukate magiaren bat Euskal Herriko biztanleentzat. Egunak eta gauak, eguzkiak eta ilargiak, argiak eta iluntasunak, unibertsoak ere pizten dute xarma hori. Natura eta bizitza aldi berean doaz gure mitologian. Gizakiak eta pertsonaia fantastikoak, animaliak eta landareak guregana heltzen dira elezaharrak edo tradizio moduan.
Lamia Euskal Mitologiaren pertsonaia bat da. Emakume ederra da, maiteminduta egoteko modukoa, ile hori luzea izaten du, urrezko orratz batekin orrazten du, eta oinak izan beharrean ahate oinak izaten ditu eta kostaldean arrain gorputza. Pertsonaia mitologiko honek bi eratako gorputz zatiak ditu: batetik gizakiarena, eta bestetik animaliarena.
Hala ere, Lamia amodioarekin erlazionatuta dago. Elezaharrak dioenez, bazen behin gazte bat maiteminduta geratu zena lamia batekin. Amari kontatzean, amak gomendatu zion oinak begiratzea. Hori egin zuenean, mutilak ikusi zuen ahatearenak bezalakoak zirela eta atsekabeak jota gaixotu eta hil egin zen. Familia hilerrira joan zenean, ile hhilzuori luzea ikusi zuen hilzulotik ateratzen. Lamia barruan omen zegoen bere maitalearekin.
Egia bada, sakelan sar, eta gezurra bada kontuan ez har.
Beraz, Lamiek amodioarekin lotura handia daukate, nahiz eta askotan esan amodioarekin jolastu eta iruzur egiten duten sorginak direla.
Mila esker, Emma, lamiei buruzko beste kondaira honengatik!
Zer dela eta istorioak, elezaharrak eta kondairak?
Bazen garai bat, euskaldunon artean ez zegoela ez egunkaririk, ezta hedabiderik ere. Horregatik, gertakizun arraroa edo logikoa iruditzen ez zitzaiena plazaratzeko, elezaharrak eta kondairak asmatu zituzten. Eta oraindik guk horietako asko ezagutzen ditugu.
Hona hemen gustuko dudan mito pagano baten istorioa:
Elezahar honek dioenez , Gorbeiako basoetan erraldoi batzuk bizi ziren eta basajaun deitzen zieten. Basajaunek gorputz osoa ilez estalita zeukaten, eta hanketaraino heltzen zitzaien .
Basajaunak ez ziren erasotzaileak,zaintzaileak baizik. Artaldeak zaintzen zituztenez, ardiak ondo zeudela adierazteko zintzarriak jotzen zituzten. Baina ekaitzak edo otsoak zetozenean , artzainak ohartarazteko garrasi eta txistu egiten zieten.
Basajaunek zerga moduan ogi zati bat jasotzen zuten artzainak lotan zeuden bitartean.
Esan beharra dago mito hauek leku bakoitzean irakurketa desberdinak zeuzkatela. Alde batetik, kondaira batzuek basajaun tipo indartsu eta gaizto bat bezala irudikatzen dute. Bestetik, beste istorio batzuek indar handia behar zuten lanetan aritzen zela esaten zuten. Esate baterako, nekazari, errementari edo errotari gisa deskribatzen dute.
Bukatzeko, istorio honen bitartez ikus dezakegu bazegoela garai bat gertakizun ezezagun guztiei, arrazoi bat aurkitzen zietena. Horregatik, gaur egun mito asko daude gure artean.
Mila esker mitoen jatorria azaltzeagatik eta basajaunak nor izan ziren azaltzeagatik!
Duela urte asko, herri batean sorginak eta lamiak bizi ziren, baina oso gaizki konpontzen ziren.
Mari izeneko neska bat eta Tartalo zeuden herri horretan, eta Tartalo lamia eta sorgin guztiei gustatzen zitzaien. Hori dela eta, tratu bat egin zuen beraiekin: Mariren lagunak izatea, Mari beti bakarrik zegoelako. Baina Tartalori Mari gustatzen zitzaion, eta horregatik plan bat asmatu zuen Mari herritik joateko; bera engainatzeko, sorginek Tartaloren ahotsa hartuko zuten, eta laguntza eskatuz ohiukatuko zuten, Mari laguntzera joateko eta han bera hiltzeko. Baina, azkenean Tartalo joan zen Basora eta lamiek eta sorginek barkamena eskatu zieten. Handik aurrera,ondo konpondu ziren haien artean.