Zuzendaria: Sara Fantova
Urtea: 2025
Herrialdea: Euskal Herria, Herrialde Katalanak
Gero eta zuzendari emakumezko gehiago ditugu gurean, eta beren lanak, Jone batzuetan esaterako, kritikaren zein publikoaren babesa ez ezik, sariak ere jasotzen ari dira.
Sara Fantova zuzendariaren opera prima da. Bilbo, bere hiria, hautatu du istorio hunkigarri hau plazaratzeko. Narrazio labur hau egun bakar batzuetan gertatzen da, Bilboko jaietan.
Olaia Aguayo aktore gazteak primeran defendatu du bere papera. 20 urteko edozein neskak, bere herriko jaietan, parranda egitea baino ez du izaten buruan; Jonek, ordea, ardura askotxo ditu bere adinerako: aitaren gaixotasuna, ahizpa txikiaren eta etxeko lanen ardura… Era naturalean bizi du bere homosexualitatea, eta bizitzaren alderdi onez gozatzen ikasten ari da: kuadrillaz, familiaz, festez, parrandaz eta sexuaz.
Joxean Bengoetxeak azken urteetan inoiz baino lan gehiago egin ditu zazpigarren artean. Resines bihurtzen ari da ( film guztietako aktore); izan ere, Sacamantecas Faisanen irla, Jone batzuetan eta hainbat telesail: Zeru ahoak, La última noche en Tremor eta Cristóbal Valenciaga egin ditu azken bi urteotan. Film honetan bizitza gogorra duen pertsonaia samurra gorpuzten du, Joneren aita.
Ez dugu produkzio handia, istorio xumea baizik, Bilboko jaietako marko ederra aprobetxatu duena. 80 minutuan gai batzuk jorratzen ditu filmak, beraz, zinematik ateratakoan izango duzue zertaz mintzatu eta zertaz hausnartu.
Poliki- poliki homosexualitate gaia heltzen ari da pantaila handira: Ander, 80 egunean, Jone batzuetan eta Maspalomas oraindik armairuetan sartuta dagoen gaia kaleratu dute zenbait zuzendarik, artifizio handirik gabe eta begirunez.
Filmak oso kritika onak jaso ditu eta ahoz ahokoa ongi funtzionatzen ari da. Negar egingo duzue filmarekin, baina irribarrea ahoan aterako zarete zine-aretotik. Istorioak merezi du, ez galdu ikusteko aukera.