Gertaera baten denbora-maiztasuna zenbakiz adierazi nahi badugu, honako egitura hauek baliatu:
Hamar minutuan behin
Hamar minututik behin
Hamar minuturik behin
Hamar minutuz behin
Hamar minututik hamabost minutura
Beraz, zuzenak dira honako hauek:
Hiru hilean behin ordaindu behar dugu mailegua.
Labearen erlojuak bost segundoan behin neurtzen du egosaldia.
Radarrak 25 segundutik behin neurtzen du haizea.
1998n hiru egunez behin kaleratu zen komiki bat.
Aplikazio hori 20 segundotik 20 segundora eguneratuko da.
Ez dira zuzenak:
*Intsulina 24 orduro hartzen dut.
*Bi urtero egiten dute lehengusuen afaria.
Zuzenak dira:
Intsulina 24 orduan behin hartzen dut.
Bi urtean behin egiten dute lehengusuen afaria.
Zenbakirik gabekoa bada esaldia, zuzena da, jakina, -(e)ro atzizkia erabiltzea.
Trena ordu laurdenero irteten da.
Egunero erosten dut ogia.
- SALBUESPENA:
Hamabostero. Zenbakia badu ere, zuzena da.
Hamabostero edukien berrikusketa egiten dugu euskaltegian.
OHARRA:
Hilean behin, gure blogean eduki gramatikal baten inguruko artikulu bat argitaratuko dugu.
Proposamenik izanez gero, jarri gurekin harremanetan! (tocio@udaberria.eus).