Idazten hasi baino lehen
-
Egitekoari erreparatu eta testuingurua aztertu
Testuinguru jakin batean gauzatzen da beti komunikazioa, eta testuinguru horri esker jakingo du egileak (hiztunak zein idazleak) komunikatu behar duen horren abiapuntua zein izango den.
Bost osagai nagusi daude ekintza komunikatiboaren testuingurua ondo definitzeko:
- Igorlea: nork ekoizten du, zein roletatik ari da.
- Hartzailea: norentzat ekoizten da.
- Non edo zein esparrutan izango den komunikazioa (Euskaltegiko bloga, herriko aldizkaria, Administrazioa…)
- Xedea: zertarako ekoizten da.
- Testu-generoa: ekintza hori gauzatzeko aukeratzen den molde(hitzaldia, iritzi-artikulua, debate bat…)
Iturria: Habe.ikasbil.eus, (2018ko idatzizkoa) | Lehenik eta behin, irakurri arretaz zer eskatzen zaizun azterketan. Horretarako, aztertu testuinguruaren osagaiak (goian adierazitakoak). |
-
Ideiak biltzea: eskema
Ideiak zerrendatu, bildu eta antolatuko ditugu elkarren artean duten kidetasunean oinarrituz, eskema egiteko.
Zenbait gomendio eskema egiteko:
- Idatz ezazu tesia esaldi labur batean.
- Testuaren ideia nagusiak eta bigarren mailakoak ondo bereizi.
- Ideiak hierarkia formaren bidez adierazi: zenbakiak, letrak, edo giltzak erabili.
- Hitz gutxi eta zehatzak erabili. Esaldi motz eta esanguratsuak jaso.
Idatzi bitartean
Izan gogoan: pasarte bat = ideia nagusi bat
Akatsa gramatikalak eta ortografikoak: idazten duzun bitartean, egon adi eta saia zaitez egin ohi dituzun akatsei bereziki erreparatzen.
Aukeratu hitz egokiak eta zehatzak azaldu nahi duzuna adierazteko, eta baliatu sinonimoak, elipsia, perifrasiak etab. hitz bera etengabe ez errepikatzeko.
Ideia bat emateko modu asko dago, eta bide batetik abiatuta irteerarik aurkitzen ez baduzu, atzera bueltatu eta berridatzi beste era batera.
Eta ez ahaztu paragrafo bat bukatzen duzun berriro irakurtzen, jarritakoak zentzurik duen egiaztatzeko eta nola jarraitu jakiteko.
Ez idatzi egiten ari zarena zirriborroa balitz bezala
Idatzi ondoren
Kudeatu ondo denbora, testua behar bezala eta behar beste aldiz berrikusteko astia izan dezazun.
Egiaztatu testuak nolabaiteko batasuna duela, hau da, pasarte bakoitzean idatzi duzunak lotura duela aurrekoarekin eta/edo ondorengoarekin, ez dagoela jauzirik.
Ziurtatu idatzi duzunak zentzua duela, eta izan kontuan zuretzat argi eta garbi adierazita dagoena iluna izan daitekeela testua irakurtzen duen beste batentzat.
Begiratu arreta handiz honako hauek: ergatibo markak, pluraltzaileak, mugagabea…
Irakurri testua azken aldiz berridaztean akats gehiago egin ez duzula egiaztatzeko.