Ba al dakizu zer den irakurraldi ireki edo/eta jarraitu bat? Parte hartu al duzu inoiz halakoren batean?
Irakurraldi jarraitu eta ireki baten helburua idazle edo liburu bat omentzea izaten da eta, aldi berean, honako hauek bultzatzea: literatura, hizkuntza jakin bat, irakurzaletasuna, ozenki eta jendaurrean irakurtzearen plazera…
2014. urtetik, Udaberria euskaltegiak urtero-urtero antolatu du irakurraldi irekia helburu horiekin guztiekin. Aurten, gainera, euskaltegiak 40. urteurrena ospatzen duenez gero, Udaberriaren IV. Irakurketa Irekia berezia izango da oso, batetik, liburu bakarra irakurri ordez hiru irakurriko ditugulako, eta bestetik, aurten aukeratutako egilea Udaberriako irakasle izandako Patxi Zubizarreta dugulako.
Patxi irakurle amorratua da txikitatik, eta umetan nahiago izaten zuen etxean irakurtzen eta ogitartekoak jaten geratu lagunekin kalera irten baino. Dena dela, ez zuen sekula idazle izatearekin amets egin, baina, bizitza zer den!, egun idazle oparoa da, eta helduen literaturan eta itzulpengintzan lan asko egindakoa den arren, haur eta gazte literaturan argitaratutako lanengatik da bereziki ezaguna, eta hiru aldiz eskuratu du Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria.
Liburuei dagokienez, hiru aukeratu ditugu, ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dugulako. Horregatik, B1, B2 eta C1 mailetan irakurtzeko egokiak izan daitezkeen liburuak hautatu ditugu.
B1eko ikasleek Gutun harrigarri bat ipuin luzea irakurriko dute. Testu honen protagonistak gutun harrigarri bat jaso du: arabieraz idatzita dago, eta gutuna baino gehiago ipuin bat da. Eta orain berak beste gutun bat, beste ipuin bat, idatzi beharko dio gutuna bidali dionari. Eta gutuna euskaratik arabierara itzul dezan oso itzultzaile bitxiarengana jo beharko du…
B2ko ikasleek antzezlan-itxurako Mundua lo dagoen bitartean irakurriko dute. Horela, gauez bakarrik esan daitezkeen kontuen berri izango dugu gauero-gauero gautxorien kezkak, nahiak, tristurak eta zirrarak uhinen bidez zabaltzeaz arduratzen den Karlos irrati-esatariarekin, bere ohiko kolaboratzaileekin eta zuzenean deitzen duten entzuleekin batera.
Amaitzeko, C1eko ikasleek Laranja bat zaborretan nobela laburra irakurriko dute, eta Egipto urrunera, Kairora eramango gaituzte, bertan bizi baita Karabino, istorio honen protagonista. Karabino gaztea zaborrez inguratuta bizi bada ere, bere baitan ez da lohirik, ametsak baizik. Amets horiek noraino eramango duten ikusi behar baina…
Istorio horiek guztiak entzun nahi badituzu, badakizu, hurbildu apirilaren 5ean, asteazkena, Oihanederreko Ortuño aretora, goizean, 8:00etatik 12:30era, edo arratsaldean, 15:30etik 19:00etara. Eta Patxi Zubizarreta gertutik ezagutu nahi baduzu, ez galdu aukera, 19:00etatik aurrera irakurleen galderei erantzungo baitie.